BARRIKA
BARRIKA, TOLESEN KATEDRALA
BARRIKAKO ETA TXITXARROPUNTA-KURTZIOKO TOLESAK
Orain dela 80 milioi urte, afrikar plaka tektonikoak eta europarrak milioika urte iraun zuen talka-prozesu bat hasi zuten. Toles handi ugari sortu zen lurraren geruzetan, baita beste txikiago batzuk ere, Barrikakoa kasu.
Barrikan, arroka-geruzak bihurdikatu egiten dira, konplexutasun tektoniko handiko egitura geologiko ikusgarriak eratuz; marearteko zabalgunean zein itsaslabarretan ikus daitezke tolesak.
Goikomendiazpi izeneko kalan, zehazki, chevron erako (V itxurako) toles angeluarren ezohiko azaleratzea begiesten da; horregatik, “Toles angeluarren Kapera Sixtinoa” deitzen diote geologoek leku horri.
Kala berean, tolesen interferentzien figura bat ikus daiteke (arrain-buztan itxura), leku horren deformazio-prozesuaren konplexutasunari buruzko ideia bat egiten laguntzen diguna.